Neguan gerta liteke istorio hau,
hodeietan itzali da eguzkia,
hodei beltzak ikusten dira zeruan.
Argian eta itzalen artean:
"Gehien gustatzen zaizkidanak istorio ezinezkoak dira"
esaten dio gizon batek bere buruari.
"Adibidez":
"Ametsezko buru batean
ez dago ez denbora ez lekurik
denbora eta lekua
ez dira hemen garrantzisuak
agertzen diren pertsonaiak
irrealak izan arren errealak izan litezke
beren pentsaera erreala dirudi eta...
-zer esan nahi du "erreala" izateak?-"
Euria hasi du,
haize handia dabil itsasoan,
argi eta itzal zenbait.
"Ametsezko buruaren pentsamenduetan
ez dago ez koma ez punturik
monologo bezalakoak
izaten direlako bere pentsamenduak
nire buruan den-dena argi izaten da normalean esango luke
baina argi dago oraintxe bertan ez dagoela hain argi
argi dago ezer ez dagoela argi baina hori argi dago...
-zer esan nahi du "argi" egoteak?-"
Ekaitza dakar,
zerbait arraro
nabaritzen da giroan.
"Baieztu egin daiteke ezin ezer baieztu
ulertu egin behar da hemen ez dago ulertzerik
zalantzarik gabe dena zalantzagarria izan daiteke
baina argi hauxe dago
ez dago batere argi
ezer ez dagoela argi
beraz zerbait argi izan daiteke..."
Trumoiak entzuten dira,
tximista ari da,
katuari ilea tente jartzen zaio.
Ez daukala zentzurik
esaten dio gizonaren buruak gizonari
barre maltzurraz.
Bere onetik ateratu gizonak:
"Ea isiltzen zaren...isiltzen zaren...!"
agintzen dio bere buruari.
Itzal handia du bihotzean.
Gizagaixo samarra da, denek egiten diote barre
eta konturatu ere ez da egiten.
Ospitale psikiatrikoan argia itzali dute.
Itzalak agertzen dira.
"Haize hemendik...haize hemendik...haize hemendik...!"
Oihu bat entzun da.
Ekaitza hasi du.